Aldatu pantailaren bereizmena edo orientazioa
Pantailan gauzak zein tamainarekin (edo zein xehetasunarekin) agertuko diren aldatzeko, aldatu pantailaren bereizmena. Gauzak zein orientaziorekin ikusiko diren aldatzeko, berriz, erabili biraketaren aukera.
Ireki Jarduerak ikuspegia eta hasi Pantailak idazten.
Sakatu Pantailak panela irekitzeko.
Pantaila anitz badituzu eta ispilatuta ez badaude, ezarpen desberdinak izan ditzakezu pantaila bakoitzean. Hautatu pantaila bat aurrebista-arean.
Hautatu orientazioa, bereizmena edo eskala, eta freskatze-tasa
Egin klik Aplikatu aukeran. Ezarpen berriak 20 segundoz aplikatuko dira eta, ondoren, aurreko egoerara itzuliko dira. Horrela, ezarpen berriekin ez baduzu ezer ikusten, ezarpen zaharrak automatikoki berrezarriko dira. Ezarpen berriak gustuko badituzu, egin klik Mantendu aldaketak aukeran.
Orientazioa
Zenbait gailutan, pantaila fisikoki biratu daiteke. Egin klik Orientazioa aukeran eta aukeratu Horizontala, Bertikala eskuinera, Bertikala ezkerrera edo Horizontala (iraulita).
Zure gailuak pantaila automatikoki biratzen badu, sistema-menuaren beheko aldean dagoen botoia erabiliz uneko biraketa blokeatu dezakezu. Desblokeatzeko, sakatu
botoia.
Bereizmena
Bereizmena da norabide bakoitzean erakutsi daitekeen pixel (pantailako puntu) kopurua.Bereizmen bakoitzak aspektu-erlazio bat du, alegia, zabaleraren eta altueraren arteko erlazioa. Pantaila zabalek 16:9 aspektu-erlazioa erabiltzen dute, eta pantaila zaharragoek 4:3 erlazioa. Zure pantailaren aspektu-erlazioarekin bat ez datorren bereizmen bat aukeratzen baduzu, pantailari banda beltzak gehituko zaizkio goian eta behean, edo alboetan, distortsioa eragozteko.
Nahi duzun bereizmena aukeratzeko, erabili Bereizmena goitibeherako zerrenda. Zure pantailarako egokia ez den bat aukeratzen baduzu, itxura lausoa edo pixelatua eduki dezake.
Jatorrizko bereizmena
Eramangarrien pantailetan eta LCD monitoreetan ondoen funtzionatzen duena jatorrizko bereizmena izan ohi da: bideo-seinalearen pixelak zehatz-mehatz lerrokatuko dira pantailako pixelekin. Pantailak beste bereizmen bat erabili behar duenean, interpolazioa erabiltzen da pixelak irudikatzeko, eta irudiaren kalitatea galtzen da.
Freskatze-tasa
Freskatze-tasa da pantaila-irudia segundoro zenbat aldiz marrazten edo freskatzen den.
Freskatze-tasa aldakorra (VRR)
Pantailako elementuak hobeto ikusteko eta energia-kontsumoa optimizatzeko, monitorearen freskatze-tasa edukiaren irteerarekin sinkronizatu dezakezu.
VRR eta Adaptive V-Sync (late V-Sync) ez dira berdinak; azken horrek V-Sync dinamikoki txandakatzen du fotograma-emarian oinarrituta.
Hobetsitako freskatze-tasa
Zehaztu zein freskatze-tasa hobesten duzun kalitate bisual egokiena edukitzeko.
Eskala
Eskalaren ezarpenak pantailako objektuen tamaina handitzen du, pantailaren dentsitatearekin bat etor dadin eta irakurtzea errazagoa izan dadin. Aukeratu 100% edo 200%.