Zer da GNOME Klasikoa?

GNOME Klasikoa mahaigaineko esperientzia tradizionalagoa nahi duten erabiltzaileentzat dago pentsatuta. GNOME Klasikoa GNOME teknologia modernoetan dago oinarrituta, baina erabiltzaile-interfazean zenbait aukera desberdin ditu, adibidez Aplikazioak eta Lekuak menuak ageri dira goiko barran eta leihoen zerrenda bat ikusi daiteke pantailaren beheko aldean.

Goiko barrako Aplikazioak menua erabili dezakezu aplikazioak abiarazteko.

Leiho-zerrenda

Pantailaren beheko aldeko leiho-zerrendan, irekita dauden leiho eta aplikazio guztiak bistaratuko dira, eta horiek erraz minimizatu eta leheneratu ahal izango dituzu.

Jarduerak ikuspegira sartzeko, erabili beheko leiho-zerrendaren ezkerreko aldean dagoen botoia.

Jarduerak ikuspegira joateko beste modu bat Super tekla sakatzea da.

Leiho-zerrendaren eskuinean, GNOMEk identifikatzaile labur bat bistaratzen du uneko laneko arearako, 1 balioaren antzekoa, goiko lehen arearako. Horrez gain, identifikatzaileak erabilgarri dagoen area kopurua ere erakusten du. Beste area batera joateko, egin klik identifikatzailen eta hautatu erabili nahi duzun area menuan.

Aktibatu eta desaktibatu GNOME Klasikoa

GNOME Klasikoa erabili ahal izateko, sistemak GNOME Shell-en hedapen jakin batzuk eduki behar ditu instalatuta. Linux banaketa batzuek ez dituzte hedapen horiek erabilgarri edo ez dituzte modu lehenetsian instalatuta.

GNOMEtik GNOME Klasikora aldatzeko:

  1. Gorde irekita duzun edozein lan eta amaitu saioa. Egin klik goiko barrako eskuineko aldean dagoen sistemaren menuan eta hautatu aukera zuzena.

  2. Baieztapen-ohar bat agertuko da. Hautatu Amaitu saioa berresteko.

  3. Saioa hasteko pantailan, hautatu zure izena zerrendatik.

  4. Egin klik beheko eskuineko izkinako ezarpenak botoian.

  5. Hautatu GNOME Klasikoa zerrendatik.

  6. Sartu zure pasahitza koadroan.

  7. Sakatu Enter.

GNOME Klasikotik GNOMEra aldatzeko:

  1. Gorde irekita duzun edozein lan eta amaitu saioa. Egin klik goiko barrako eskuineko aldean dagoen sistemaren menuan, egin klik zure izenean eta hautatu aukera zuzena.

  2. Baieztapen-ohar bat agertuko da. Hautatu Amaitu saioa berresteko.

  3. Saioa hasteko pantailan, hautatu zure izena zerrendatik.

  4. Egin klik beheko eskuineko izkinako aukeren ikonoan.

  5. Hautatu GNOME zerrendatik.

  6. Sartu zure pasahitza koadroan.

  7. Sakatu Enter.