Nola egin babeskopia

Zure fitxategien eta ezarpenen babeskopiak egiteko modurik errazena horretarako bereziki prestatutako aplikazio bat erabiltzea da. Babeskopietako aplikazio bat baino gehiago dago, adibidez Déjà Dup.

Babeskopiarako erabiliko duzun aplikazioaren laguntza erabili dezakezu babeskopiaren hobespenak ezartzeko, bai eta datuak leheneratzen ikasteko ere.

Ordezko aukera bat izan daiteke fitxategiak leku seguru batean kopiatzea, adibidez kanpoko unitate batera, lineako biltegi-zerbitzu batera edo USB unitate batera. Zure fitxategi pertsonalak eta ezarpenak normalean zure karpeta nagusian daude, handik kopiatu ditzakezu.

Babestu dezakezun datu kantitatea biltegiratze-gailuaren tamainaren mugaren araberakoa da. Gailuan nahiko leku baduzu, hobe da zure karpeta nagusi osoaren babeskopia egitea, honakoak kanpo utzita:

  • Beste leku batzuetan, adibidez USB unitate batean edo beste euskarri aldagarri batean, jadanik babeskopia duten fitxategiak.

  • Erraz birsortu daitezkeen fitxategiak. Adibidez, programatzailea bazara, ez duzu programak konpilatzean sortutako fitxategien babeskopia egin beharrik. Horren ordez, ziurtatu jatorrizko iturburu-fitxategien babeskopia egiten duzula.

  • Zakarrontziko fitxategiak. Zure zakarrontzi-karpeta ~/.local/share/Trash direktorioan dago.