Non aurkitu ditzaket babeskopian sartu nahi ditudan fitxategiak?
Babeskopia bat egitean dagoen urrats zailenetako bat zein fitxategi gordeko den eta non dauden jakitea da.Behean dituzu zerrendatuta fitxategi eta ezarpen garrantzitsuen kokapen arruntenak.
-
Fitxategi pertsonalak (dokumentuak, musika, argazkiak eta bideoak)
Normalean zure karpeta nagusian daude (/home/zure_izena). Horko azpikarpetetan ere egon daitezke, adibidez Mahaigaina, Dokumentuak, Irudiak, Musika eta Bideoak.
Babeskopiarako erabilitako euskarriak nahiko espazio badu (kanpoko disko gogor bat bada, adibidez), ona izan daiteke zure karpeta nagusi osoaren kopia egitea. Karpeta nagusiaren tamaina ezagutzeko, erabili Disko-erabileraren analizatzailea aplikazioa.
-
Ezkutuko fitxategiak
Puntu batekin (.) hasten den izena duten karpeta eta fitxategiak ezkutukoak dira. Ezkutuko fitxategiak ikusteko, sakatu Fitxategiak aplikazioaren leihoko alboko barrako menu-botoia eta sakatu Erakutsi fitxategi ezkutuak edo sakatu Ctrl+H. Fitxategi horiek ere babeskopia batean kopiatu daitezke, beste edozein fitxategiren moduan.
-
Ezarpen pertsonalak (mahaigaineko hobespenak, gaiak eta software-ezarpenak)
Aplikazio gehienek zure karpeta nagusiaren barruan dauden ezkutuko karpetetan biltegiratzen dituzte ezarpenak (ikus goian ezkutuko karpetei buruz gehiago jakitzeko).
Zure aplikazioen ezarpen gehienak karpeta nagusiaren barruko .config eta .local ezkutuko karpetetan gordeko dira.
-
Sistema osorako ezarpenak
Sistemaren atal garrantzitsuen ezarpenak ez dira karpeta nagusian gordetzen. Horiek gordetzeko hainbat leku daude, baina gehienak /etc karpetan daude. Oro har, etxeko ordenagailuetan ez da beharrezkoa fitxategi horiek babeskopia egitea. Zerbitzari bat baduzu, hala ere, exekutatzen ari den zerbitzuen fitxategien babeskopia egitea komeni zaizu.