Fitxategi edo karpeta bat beste kokaleku batera kopiatu edo eramateko, arrastatu eta jaregin hura saguarekin, erabili kopiatzeko eta itsasteko komandoak edo erabili laster-teklak.
Adibidez, aurkezpen bat memoria-unitate batean kopiatu dezakezu, zurekin eraman ahal izateko. Edo dokumentu baten babeskopia bat egin dezakezu hari aldaketak egin baino lehen (horrela, aldaketak gustuko ez badituzu kopia zahar hori erabiltzeko).
Argibide horiek fitxategietarako zein karpetetarako balio dute. Biak ala biak modu berean kopiatzen eta mugitzen dira.
Kopiatu eta itsatsi fitxategiak
Hautatu kopiatuko duzun fitxategia bere gainean behin klik eginez.
Egin eskuineko klik eta hautatu Kopiatu edo sakatu Ctrl+C.
Joan beste karpeta batera, fitxategiaren kopia han kokatzeko.
Egin eskuineko klik eta hautatu Itsatsi fitxategia kopiatzea amaitzeko, edo sakatu Ctrl+V. Hori egin ondoren, fitxategiaren kopia bana egongo da bai jatorrizko karpetan bai beste karpetan.
Ebaki eta itsatsi fitxategiak haiek lekuz aldatzeko
Hautatu lekuz aldatu nahi duzun fitxategia haren gainean klik eginez.
Eskuineko klik eta hautatu Ebaki, edo sakatu Ctrl+X.
Joan beste karpeta batera, fitxategia hara eramateko.
Eskuineko klik eta hautatu Itsatsi fitxategia lekuz aldatzeko, edo sakatu Ctrl+V. Fitxategia jatorrizko karpetatik ezabatu eta beste karpetara eramango da.
Arrastatu fitxategiak haiek kopiatu edo lekuz aldatzeko
Ireki fitxategi-kudeatzailea eta joan kopiatu nahi duzun fitxategia duen karpetara.
Sakatu leihoaren alboko barrako menu-botoia eta hautatu Leiho berria (edo sakatu Ctrl+N) bigarren leiho bat irekitzeko. Leiho berrian, joan fitxategia kopiatu edo mugitu nahi duzun karpetara.
Egin klik eta arrastatu fitxategia leiho batetik beste batera. Horrek fitxategia mugituko du helburua gailu berean badago, edo kopiatuko du helburua beste gailu batean badago.
Adibidez, fitxategi bat USB memoria batetik zure karpeta nagusira arrastatzen baduzu, kopiatu egingo da, fitxategia gailu batetik beste batera eramaten ari zarelako.
Fitxategia kopiatua izan dadin behartzeko, eutsi sakatuta Ctrl teklari arrastatu bitartean, edo fitxategia mugitua izan dadin behartu nahi baduzu, eutsi sakatuta Shift teklari.
Ezin dituzu kopiatu edo mugitu fitxategi bat irakurtzeko soilik den karpeta batera. Zenbait karpeta irakurtzeko soilik dira, haietan aldaketak egin ezin ahal izateko. Hori aldatzeko, aldatu fitxategi-baimenak.