Saguaren erakuslea ez da lekuz aldatzen
Egiaztatu sagua entxufatuta dagoela
Kabledun sagua baduzu, egiaztatu ordenagailuari ongi entxufatuta dagoela.
USB bidezko sagua bada (konektore laukizuzena duena), saiatu beste USB ataka batean sartzen. PS/2 sagua bada (alegia, sei pin dituen konektore borobil txikia duena), ziurtatu saguaren ataka berdean dagoela konektatuta, ez teklatuaren ataka morean. Agian ordenagailua berrabiarazi beharko duzu funtzionatu dezan.
Egiaztatu saguak benetan funtzionatzen duela
Entxufatu sagua beste ordenagailu batean eta begiratu ea funtzionatzen duen.
Sagua optikoa edo laser bidezkoa bada, argi bat ikusiko duzu saguaren azpiko aldean hura piztuta badago. Argirik ez badago, ziurtatu piztuta dagoela. Piztuta badago eta argirik ez bada ikusten, agian sagua hondatuta dago.
Haririk gabeko saguaren funtzionamendua egiaztatzea
Ziurtatu sagua piztuta dagoela. Batzuetan saguaren azpian etengailu bat dago sagua itzaltzeko, horrela ez baita aktibo egongo zurekin daramazunean.
Bluetooth sagu bat erabiltzen ari bazara, ziurtatu sagua ordenagailuarekin parekatuta dagoela. Ikusi Konektatu zure ordenagailua Bluetooth gailu batekin.
Egin klik botoi batean saguaren erakuslea mugitzen den ikusteko. Haririk gabeko sagu batzuk lotara joaten dira energia aurrezteko, eta ez dute erantzuten botoi bat sakatu arte. Ikusi Saguak atzerapenarekin erantzuten du lanean hasi baino lehen.
Egiaztatu saguaren bateria kargatuta dagoela.
Ziurtatu lokailua (donglea) ordenagailuan ondo txertatuta dagoela.
Saguak eta hartzaileak irrati-kanal desberdinetan funtzionatu baditzakete, ziurtatu biak kanal bera erabiltzen ari direla.
Saguan, hartzailean edo bietan botoi bat sakatu beharko duzu agian konexioa ezartzeko. Zure saguaren eskuliburuak horri buruzko informazio xeheagoa izango du.
Irrati bidezko haririk gabeko sagu gehienek automatikoki funtzionatuko dute ordenagailuarekin konektatzean. Haririk gabeko Bluetooth edo IR sagua baduzu, urrats batzuk jarraitu beharko dituzu funtzionatu dezan. Urrats horiek desberdinak izan daitezke saguaren fabrikatzailearen arabera.