Zergatik deskonektatzen da nire haririk gabeko konexioa?

Batzuetan ikusi dezakezu haririk gabeko konexio batetik deskonektatu zarela, nahiz eta konektatuta jarraitu nahi duzun. Zure ordenagailua sarearekin berriro konektatzen saiatuko da ahalik eta azkarren (goiko barrako sareko ikonoak hiru puntutxo erakutsiko ditu birkonektatzen saiatzen ari bada), baina batzuetan gogaikarria izan daiteke, batez ere internet denbora guztian erabiltzen ari bazara.

Haririk gabeko seinale ahula

Haririk gabeko sare batekin deskonexioak edukitzeko arrazoi nagusietako bat seinale ahula da. Haririk gabeko sareak barruti mugatu batera iristen dira, eta oinarri-estaziotik urrutiegi bazaude, ez duzu seinale sendorik jasoko eta ezin izango diozu konexioari eutsi. Zure gailuaren eta oinarri-estazioaren artean dauden paretek eta beste objektu batzuek ere seinalea ahuldu dezakete.

Goiko barrako sareko ikonoak seinalearen sendotasuna erakusten du. Seinaleak ahula badirudi, saiatu haririk gabeko oinarri-estaziora hurbiltzen.

Sareko konexioa ez da ongi ezartzen

Zenbaitetan, haririk gabeko konexio batekin konektatzen zarenean, irudi dezake ongi konektatu zarela hasieran, baina epe laburrean deskonektatzen zarela. Hori normalean gertatzen da gailua partzialki konektatu delako sarera: konexioa ezarri du, baina ezin izan du konexio hori burutu arrazoiren bategatik eta deskonektatu egiten da.

Hori izan daiteke, agian, wifiaren pasaesaldi okerra sartu duzulako, edo agian zure ordenailuak ez duelako baimenik sarean sartzeko (adibidez, sareak erabiltzaile-izen bat behar duelako saioa hasteko).

Haririk gabeko hardware/kontrolatzaile ez fidagarriak

Haririk gabeko sareen zenbait hardware batzuetan ez dira fidagarriak. Haririk gabeko sareak konplexuak dira, eta haririk gabeko txartelak eta oinarri-estazioak zenbaitetan arazo txikiak dituzte eta konexioak jaregiten dituzte. Hori gogaikarria da batzuetan, baina hainbatetan gertatzen da gailu askotan. Haririk gabeko konexioetatik deskonektatzen bazara noizean behin, hori izan daiteke arrazoia. Sarritan gertatzen bada, agian beste hardware bat erosi beharko duzu.

Haririk gabeko sare lanpetuak

Jende asko dagoen lekuetan (unibertsitateetan, kafetegietan...) haririk gabeko sareak gailu askoren konexio-eskaria eduki dezake aldi berean. Batzuetan, sare horiek lanpetuegi daude eta ez dira gai konexio guztiak kudeatzeko, eta gailu batuk deskonektatu egiten dira.