Konektatu haririk gabeko sare batekin

Haririk gabekoak erabili ditzakeen ordenagailua baduzu, haririk gabeko sare batekin konektatu ahal izango duzu internetera sartzeko, sarean partekatutako fitxategiak ikusteko eta abar.

  1. Ireki goiko barrako eskuin aldeko sistema-menua.

  2. Hautatu Wifia. Menuan wifirako dagoen atala hedatuko da.

  3. Egin klik erabili nahi duzun sarearen izenean.

    Sarearen izena erakusten ez bada, jaitsi zerrendan behera. Hala ere ikusten ez baduzu, agian urrutiegi zaude edo sarea ezkutuan egon daiteke.

  4. Sarea pasahitzarekin (zifratze-gako batekin) babestuta badago, sartu pasahitza sistemak eskatzen dizunean eta sakatu Konektatu.

    Ez baduzu gakoa ezagutzen, haririk gabeko bideratzailearen azpian egon daiteke idatzita, edo argibideen eskuliburuan. Bestela, haririk gabeko sarea administratzen duen pertsonari eskatu beharko diozu.

  5. Sareko ikonoa aldatu egingo da ordenagailua sarearekin konektatzen saiatzen ari denean.

  6. Konexioa ongi sortzen bada, ikonoa aldatu egingo da eta barra kurbatuak dituen puntu bat ikusiko da (). Barra gehiago ageri badira, konexioa sendoagoa dela adieraziko du. Barra gutxiago badaude, konexioa ahulagoa da eta ez da oso fidagarria izango.

Konexioa ongi sortzen ez bada, agian pasahitza berriro eskatuko dizu sistemak edo agian konexioa deskonektatu dela esango dizu. Hainbat arrazoirengatik gertatu daiteke hori. Adibidez, agian pasahitz okerra sartu duzu, haririk gabekoaren seinalea ahulegia izan daiteke, edo zure ordenagailuaren haririk gabeko txartelak arazoren bat du. Ikus Haririk gabeko sareen arazoak konpontzea laguntza gehiagorako.

Haririk gabeko sare batekin konexio sendoagoa edukitzeak ez du esan nahi interneteko konexioa azkarragoa izango denik, edo deskarga-abiadura azkarragoa izango denik. Haririk gabeko konexioak zure ordenagailua interneteko konexioa ematen duen gailuarekin (adibidez, bideragailu edo modem batekin) konektatzen du, baina bi konexioak desberdinak dira eta abiadura desberdinean funtziontzen dute.